2012/01/22

Zurrumurruak

Lerroaren odol-kanalaren jarraikortasuna izaten dun oreka-emaile nagusia bizitzaren ibilbidean; baina baditun beste osagai batzuk ere. 

Eguna iluntzen zihoan. Mutikoak amatxorengana alde egin zuen, kezkatuta egongo zelakoan. Fabianek kamera gorde zuen: ez zuen bioleta edo beltzik behar, ez eta argi artifizialik ere, oraingoan. 

Alde egin baino lehen, baina, mutikoak zer pentsa eman zion: bat-batean, zuhurra izateko eskatu baitzion Fabiani, ez itsutzeko. Fabianek ez zuen deus ulertu, edo ulertu nahi izan. Zuk bai, badakizu Emmari buruzko oharra zela. Emmak aurreiritziak baitzituen Fabianen gainean, iturri batetik baino gehiagotatik helduak zitzaizkion hainbat zurrumurru zirela medio.

Mihi luzeen arabera, Fabian ez zen behar bezalakoa, ez omen zen fidagarria harreman-kontuetan, edo neska-mutilen kontuetan, hobeto esanda. Horrekin ez zuten bikote-harreman heteroa era jatorrean adierazi nahi, baizik eta neskekin bezala, mutilekin ere joaten zela eta lagun asko izana zela. 

 
Egia izan ala ez izan, Fabiani bost axola esamesek. Bada jendea bizitza besterenean zelatan itotzen duena. Harreman faltsuz osatutako gizarte-egitura azalekoeneko tximuak dira; ongi errotuak egoten dira, bestalde, minimo sozialak ongi betetzen dituzte eta. Primate hauen eguneroko ogia da ezagunez hitz egitea, gaitzeste aldera beti. Edo ezagunen ezagunez. Egia erdiaren maisu-maistrak dira.


Fabianek behin ere ez zien amen-omen horiei jaramonik egiten. Bazekien gauzak nolakoak diren, baina aspaldian erabakita zuen bere ateak horrelakoei ixtea. Juneren mutikoaren oharrarekin ere askotan egiten zuena egin zuen: ez ulertuarena. Jarrera horrek inozo azalarazten zuen lagun batzuen aurrean, baina erabakitako inozotasuna zen, gehienez ere. Zuk ere ez duzu beti gogoko izaten jarrera hori, baina onartuko duzu Fabian letxe txar askotatik libratzen zuela. Mundu horri ezin baitzaio zirrikiturik utzi, behatza eman eta besoa hartu egiten dizute, badakizu. Bestalde, Emmak arazotzat hartu behar bazuen bera ondo ezagutu baino lehen, alperrik zen gehiegi kezkatzea.


Pentsamendu horrek, hala ere, ez zion deserosotasun ukitu bat ezkutatu. Fabianek bazuen iraganeko motxilan harreman estuen sorta polita, eta egin zitezkeen irakurketa maltzurrez jakitun zen. Tarteka, gogogabetzen zenetan, bere burua gustatzen ez zitzaionetan, nolabaiteko zabor-sentsazio batek ziztatzen zuen. Baina gogor egiten ikasia zegoen, eta argi zuen ez zuela bide horretatik asko irabazteko. Areago, iraganeko harremanak ez ziren bukatuak Fabianen ustean: beti zuen bere jendearentzat lekua estimetan; urrutiago bizi ziren, besterik ez. La maison de la prairie ez zen beretzat egina.


Gaua zen etxerako bidea hartu zuenerako.