2012/04/17

Ukituak

Eta lerroaren jarraikortasuna dun oreka-emaile nagusia bizitzaren ibilbidean. Har ezan hiriaren topografia jarraikortasun horren erakusgarri: norberak hiri/herriaz duen oroimenean, hainbat aldi eta aldetako irudiak nahasten ditun. Buruan dinagu kale-kantoiko jostailu-dendan neskame- eta iƱude-jantziak saltzen ziren garai oraindik hurbila. Alfonbra-denda ere izan zen, geroago. Auzo osoak sortzen ikusita gauden, eta beste batzuk desagertzen. Ematen din lerroa, kasu horretan, korapilatu egiten dela, txirikordatu, eta, beraz, bolumenerantz -ez azalerarantz- doala.


Fabianek elebakartasunaren gaiarekin jarraitu zuen: inoiz berak ere pentsatua zuela bigarren hizkuntzak ideien argitasunari laguntzen ziola. Eta ez zela zurikerian ari erakusteko-edo, zalantza bakarra zuela gehitu zuen. Alegia, ez zekiela bigarren hizkuntzen artean musika eta matematika, gutxienez, ez ote liratekeen sartu behar. 

Junek baietz: zorrotz jarrita, pintura, eskultura, dantza, arkitektura, antzerkia eta zinema ere sartuko lituzkeela zerrendan; horrelako bat benetan kontrolatzen zuenak beste hizkuntza bat ere bazekiela. Emmak biribildu zuen ideia, zinemaren ordez, irudigintza orokorrean, eta aurreko guztien solapamendu eta mugetakoak ere taldean sartuta.

Bitartean, ezkutukoan, jolasak aurrera jarraitzen zuen: Emmak, ustez ustekabean, Fabianen hanka berearekin ukitu zuen. Fabianek kontaktua sentitu eta, txakurrak ferekan bezala, zegoen-zegoenean utzi zuen gorputz osoa, ilerik mugitu gabe. Emmarekin kontaktua egin zuen lehenengotik gertatzen zitzaion; zoroak horrela harrapatu zuen. Beste ezer, beste inor ez zegoen une horietan. Egonkortasunaren erreinu osoa emango zukeen sakontasun hori luzatuko zion zaldi baten truke. Hala uste zuen, behintzat, ispilua urratzen hasi zen arte:

Badakizu bi pertsonaren arteko kaleko harremanean, taberna-giroan, esaterako, ukituak gertatzen badira, ezinbesteko erantzun bat espero izan behar dela. Hamaika eratako erantzunak etor daitezke, hamaika mila ukitu motetarako. Batzuetan, barkamena eskatuz amaitzen da; ukituagoz, bestetan. Edo, bestela, ezer ez esatea ere zilegi da, bai istant bateko ukitua gertatuta, bai eta ziento bat bider gertatuta ere. Baina, ezer ez esatea ez da ez konturatzea: Emma eta Fabian, batzuetan, elkar ukituta ematen zituzten bi minutu baino gehiago tabernako lagunartean, eta berdin hurrengo tabernan, hurrengo egunean... 

Hala ibili ziren bolada batean: besoa besoarekin ez bazen, hankan eskua jartzera ez ziren iristen, baina eskumuturrekoarekin laztan arina, bai... Jolasa ezkutukoa zen eta petit komitean izan ohi zen. Emmak lotsagabe-lotsagabe esan zion arte, bakarrik gelditu zirenetako batean, Fabianek ohartarazi ezean hura ez zatekeela konturatuko elkar ukitze horretaz. Berezko joera omen zuen jendea ukitzekoa.

Kolpe handia izan zen Fabianentzat adierazpen hura. Emma erreparatu gabe zegoela esatean, ordura arte sintoniaren dastatzailea zena, tentsioaren titana, sedukzioaren paladina, txiki-txiki sentitzen hasi zen. Kimeraren atzetik ibiltzeko minimoetako bat haustetik gertu zegoen; mutilaren zorabioaren oinarri nagusia, kinka larrian; ukitze etengabeetan eraikitako aldaketaren beharra, zalantzan; bikotea hirukote bihurtzeko saioa, etenda: geldiune bat egin beharrean zen.