Helburua, beraz, lerroa dun. Lerro bakarra.
Komunetik bueltatu zenean, Emma eta Fabian begiak begietan sumatu
zituen Junek. Zuk bi lagun horrela topatu izan bazenitu, biak batera
lepoetatik heldu, eta musu bana emango zeniekeen, gaua luzea izango zela-edo
esanez. June, ordea, diskretuago ibili zen hori baino: kafea non eta nola hartu
erabakitzeko bi segundo eman zien; bestela, azkar erantzuten ez bazuten, berak tonika
ginebrarekin nahi zuela bertan hartu.
Fabian abiatu zen Juneren konbinatuaren eta bi garagardoren bila, pozik.
Berez zetorren gauaren luzapena; egoera idealean, gainera: eskatu edo
iradoki beharrik izan gabe. Hurrengo erronda non hartuko, biei galdetu
baitzien Junek. Berdintasuna nabaria zen doinuan, hiruren arteko
begirada gurutzatuetan eta, batez ere, bi neskek zentimorik gabe zeudela
jakinarazi zioten modu irekian. Kutxazainetatik ez pasatzen saiatuko zinen zu, gau osoan. Pentsamendu bakarrak iluntzen zion gogoa Fabiani:
Klaudiak afaria baldin bazuen, non ote zuen, ez baitzuen inola ere harekin topo egin nahi.
Dena dela, bi birrak esku batean eta gin-tonika bestean, alai itzuli zen Fabian
lagunenengana: irribarre beatifikoarekin, metal-ura norentzat zen
galdetu, eta bien artean eseri zen. Ongi etorria sentitu zen.
Emma hasi
zitzaion hizketan. Hankak gurutzatzean, ezkerreko belauna Fabianen
izterraren gainean, ustez oharkabean, gelditu zitzaion. Panazko galtza
grisak zeramatzan, Fabianenak baino argixeagoak eta marra
zabalxeagokoak. Emmaren belaunak ukitu zuen puntutik lehenengo
saihets-hezurrerainoko kitzikadurari tamaina hartu zionean, belarriak
bero-bero zituela jabetu zen Fabian. Badakizu zuk horrekin bakarrik
galtzontziloak busti antzera iritsiko zela etxera, puber-aroko bere
lehenengo zirrien ondoren iristen zen bezalaxe...
Bitartean, ageriko errejistroan, Emma irribarre arin batekin esan zion ez zuela ikusi norekin zegoen: jakin nahi zuen zer
zela eta zegoen bakarrik, baina zeharka ibili zen. Zuk haren bila atera zinela
esango zeniokeen, egunak zeneramatzala bila, deabruak hartuta; hirian
zehar kalez kale galduta, noraezean ibilitzen zinela haren peskisan. Fabian, ordea, Junerekin moztu
zen, eta zeharka erantzun zuen hark ere: lagunak haren beharretarako
goizegi etxeratuak ziren.
Junek bota zuen orduan: Tira, gainkarga jasan beharko dinagu gaur, zer egingo zionagu, bada.
June
irribarretsu eta begia itxiz ari zen. Fabian, hala ere, ez zegoen bere
ziurrenean. Hiperkitzikatua zebilenez, nahikoa zen horrelako txantxa bat
zirrikituak zabaltzeko haren zoriontasunaren globoan. Zirrikituetatik oinak lokazten
zizkioten bi gai deskontrolatu jariatzen ziren: Klaudia eta Emma; niente.