2011/02/20

Kalera

Atalez atal osatzen ditun paragrafoa baino unitate oraindik zabalagoak. Denak lerroaren parte ditun.


World Trade Center behera erori zen astearen bukaerako goiz hartan, Fabianek ilea tentetu zuen kopetaren gainean; aurpegia lehortu, eta kalera abiatu zen. Bera ez zegoen, noski, Manhattanen.

Klaudiarekin alberdanian aritu eta gero, askoz ere hobeto sentizen zen. 

Halako batean, June etorri zitzaion berriro gogora. Oraindik ere oso nahastuta zuten bezperako ideien artean, parrandakidearen irudia zuen buruan, holograma baten errealismoarekin: bai, adin ertaineko andre txiki hura, kaskamotza, gabardina grisduna. 

Ez, egon (holograma dardarka hasi zitzaion); gabardina ez zen grisa, beigea baizik. Areago: gabardina ere ez zen, hirulaurdena baizik, eta, gainera, neskaren adina dantzan zebilkion: inola ere ez zen adin ertainekoa, gaztea zirudien orain eta. Gaztea gogoratzen zuen, bai, gazteagoa azken tabernako barraren argitan ematen zuena baino, behintzat. Taberna hartan, Junek zaharra zela iradoki zuela gogoratzen baitzuen Fabianek bere nahasian:

"Nik bi mila urte zauzkat. Hogeita gutxi nituenetik zauzkat bi mila. Garbi-garbi ikusten diat hori orain, hogeita hamarrera iritsita. Ziurtasun erabatekoaz zakiat: lerroarekin dik zerikusia..."

Lerroaren oroitze hutsak goragalea sortu zion Fabiani. Guztiz desatseginak ez diren goragale gozo horietakoa zen, ordea: gosariko kruasanaren gustua eta Klaudiarena ahoratu baitzitzaizkion aldi berean. Sentsazioa luzatu eta indartzeko asmotan, eskua sudurrera hurbildu zuen: bai, dutxatuta ere, han zegoen oraindik bere andrearen sakontasunen usain sakona.

Tamalez, iragan hurbilaren zaporearekin gozatzeko betarik izan gabe, bezperako alkoholak eragindakoa nagusitu zitzaion atzera, zuku gastrikoenarekin nahastuta; eta zorabiatu egin zen. Ibilbideko banku batean eseri behar izan zuen, eta arnasa sakon hartu. Tripen ziztadari aurre egiteko edo, zigarro bat piztu zuen.