2011/04/19

Helburua

Paragrafoak, esan ninanez, lerro jarraituaren pasarte mugatuak ditun. Lerroaren jarraibidean, ordea, pasarte-mugak ez ditun oztopoak, pasaleku kualifikatuak, baizik. Pasaleku horietako bik mugatzen duten edozein pasarte (edozein paragrafo) lerroaren beraren bi punturen arteko lotura ere badun. Kate-begiak direlako ditun paragrafoak lerroaren parte.

Fabianek aurrera jarraitzen zuen pasieran, aurrea zein zen asko axola ez ziolarik. Goiz hartako ibilbidearen bigarren geldialditxoan, berriz ere eserita, buruko dantzaren erritmoak bakailaotik reaggerainoko bidea egitea lortu zuen, ibuprofeno baten laguntzaz. Orduan hasi zen benetan pentsatzen aurreko gauekoan egon zitekeela bere kezken erantzuna. Klaudiarekin goizean ibilitakoaren arrastoa gero eta urrunago sentitzen zuen; eta bezperaren oroitzapena gero eta biziago, argiago, kezkagarriago. Ez zen jolas hutsa izan. 


Dena dela, bereizi behar zituen gauzak: hasierako zalantzak hurbiltzeko; bi neskekin ibilitako jolasa; Juneren hitzaldia; Emmaren seinaleak; eta kamikaze japoniar madarikatua. Nahiz eta orain, pastilaren eraginpean, hobeto ulertzen zuen ekialdekoaren sake-irribarrea...