2011/12/05

Tabernaria

Egia dun lerroaren egonkortasunari eusten dion bakarra odola dela askotan; oinordekotza jarraikortasunaren bermatzaile bakarra izaten dun. Lerroan ondo errotutakoa dun odola, geuregan bezalaxe.


Kainak azkarrago edaten dira konbinatuak baino. Barratik bueltan berriro, oraingoan bi garagardo-botilatxorekin, Fabian uzkurxeago zetorren. Lehenengo itzulian, edari bila abiatu zenean, kontzientzia aldatuaren zerutik lurrerako bidean, ez zuen sentitu neska-bikotea ez zen ezeri erreparatu beharrik.


Baina tabernan jendea zegoen, eta, barrarantz zihoala, begirada bat baino gehiagorekin egin zuen topo. Bazuen tipo bat, besteak beste, begira: sendoa, burusoila, bibotea eta betaurrekoak zituena, durangarra. Fabianek ez zuen ezagutzen. Distira begietan eta irribarre makurra, eskatu gabeko onarpenaren kiratsa zerion. Gizonezko batzuk gizon guztiena dela uste duten konplizitate nardagarriaz mintzatu zitzaion: joder, bi andrerekin hago, tio; ondo, ondo... Esateko irrika hori mozkorraldiko fase batzuetan areagotu egiten da.


Hala ere, uzkurtu zuena ez zen gizon haren ustezko kidetasun falikoa. Azken batean, Fabian, arra izaki, behin baino gehiagotan baliatua zen enpatia horretaz beste gizonezkoekiko tratuan. Baita bera lerdotu ere inoiz, eta lotsagarri jokatu noizbait. Zuk ezin duzu gizon arteko jokabide hori jasan: mila aldiz nahiago duzu andrazkoen arteko elkartasun beti ere baldintzarik gabekoa, no te jode.


Ez, ez zion bibotedun-betaurrekodun burusoil durangarrak gogoa ukitu, tabernariak baizik. Hasierako ogitartekoa eskatu zuenean jarri zion begirada hotza aldatuta kasu egin zion erronda eskatu zuenean, lagunkoi. Emakume heldua zen, taberna-lanak urratutako aurpegia, asko ikusitako begiak, zimurrez inguratuak. Masai gorrixkak. Diru-kontua irribarretsu eman zion hartan; zuri tabernari izateko lehorra zirudiela irudituko litzaizukeen eskuarekin ukitu zuen Fabianena. Aitzitik, bigarren birren eske joan zitzaionean, zerbaitengatik, errezeloa adierazi zion, ezpainak estu eta, atzera ere, hotz atenditu baitzuen.


Fabianek garbi sentitu zituen bi aldaketok. Lehenengoa ezaguna zitzaion: jakitun zen ezezagunei hurbiltzeko bere ahalmenaz. Bigarrenak, berriz, nahastuta utzi zuen. Argi antzematen zuen hoztasun berreskuratua, baina ez zuen zergatia ulertzen. Zuk, ordea, argi daukazu: Junek bakarrik utzi zituenean Emma eta Fabian, bi horien arteko loturak kantatu egin zion tabernako Marujari. Tabernaria ikusia eta ikasia izanik, ezkutuko erregistroa aditzen zuen, eta Klaudiaren egitateaz (ereduaz, ziurrago) jabetu zen nolabait. Badira alkoholaren kontrako tabernariak eta badira moralistak ere. Eta hau bigarren taldekoa, behintzat, bazen. Edota, Fabianekin gustatuta zegoen eta Emmarekin ikusi eta gero stand-by posiziora itzulia zen, besterik gabe, batek daki.


Kontua da, horrenbestez, Fabianek ziurtasun ale batzuk galdu zituela bidean. Denekin atsegina izan beharrak horrelako egoerak ekartzen zizkion. Heldutasun-falta eternala. Horregatik goibeldu zen. Pitin bat, bakarrik: azken batean, andrearen eragina irismen mugatukoa zen, zenbat eta barratik urrutiago egon, orduan eta txikiagoa. Neskengana iritsi zenerako ia ahaztuta zegoen antipatia-erasoarekin, eta haiek lagundu zioten buelta ematen: hizketa eten gabe, bien erdian lekua egin zioten, aldi berean elkarrengandik bereiziz eta esertzeko keinua batera eginez. June ari zen:


Bigarren hizkuntzan ideiak era sintetikoagoan azaldu behar izateak ideion argitasunaren alde egiten din.



Emmak baietz egin zion buruarekin Juneri. Elebakarra sekula ez zela horretaz jabetuko gehitu zuen. One point for Emma.

2011/10/02

Mareak

Senidetasun-harremanen lege-esparruan ere, lerroak agintzen din. Horren erakusgarri argia dun bart jaioa ez den legitima edo senipartea: nahi dunana esango dun, ordenua egin, aurrikusi, ezarri; baina ez dion odol-lerroari ihes egingo. Hire ondasunen zati batez ezin dun erabaki, aldez aurretik emana zagon; familian sinistu ala ez. 


Argia eskastu ahala, koloreak epelduz zihoazen kai aldean. Arroken artean bildutako xafla herdoildu erdi zuri bati begira zegoen Fabian. Junek lerroa ikusiko zuen hor: gizateriak landutako guztiaren etorkizuna zuten aurrean;  esku-lanen garapen lojikoa korrosioa baita, endekatzea. Sentsazioek gidatzen zuten Fabian, ordea, ez burutazioek. Bazuen horretarako arrazoia. Ikasita zegoen, berrikasita zegoen, senari berea ematen, natura kontsideratzen zuenari bide ematen. Zehatzago esanda, barru-barrutik zekien, azken batean, edertasunaren bila ibilita, sentimenekin topo egiten zela.

Argazki-makina zeharka jarri, zooma enkoadraketa egokitzeko baliatu, eta tiro egin zuen. Hamaika ñabardura jaso nahi zituen sentsorean: inuiten zuri guztiak; herdoilaren okreak, laranjak, gorriak, beltzak; altzairuaren urdinak, grisak; itzalen osagarriak; islen deribazioak. Denak bildu nahi zituen Fabianek argazki bakarrean. Zuk sekula ez zeniokeen halako burdina puska bati begiratu ere egingo. Zuk haragizko erretratuak dituzu gustuko; biluziak, ahal bada.

Hilabeteak pasatu ziren Fabian Emmarekin gustatu zenetik kolpatuta zegoela konturatu zen arte. Tarte horretan, Klaudiarekin lasai ibili zen. Egonkortasuna hurbilekoa zuten, harmonia lagun. Barealdi luzea egokitu zitzaien, akaso biak zetozelako marea biziegitan igeri egitetik. Elkartu zirenetik, mareen zikloak ez zien urte askoan eragin; ez marearik izan ez zelako, baizik eta babestutako kostaldeko talaian bizi zirelako. Estokholmeko sindromeak, batzuetan, edo zuk maitasuna esan nahiko ez zeniokeen lotura afektibo-praktiko gero eta sendoago horrek, beste batzuetan, edota, askotan, egunen hurrenkera hutsak, denek malekoiarena egin zuten noizbait ekaitzaren aurrean, urak baretu bitartean. Horregatik zebilen Fabian kezkatuta, mareak berriz aditzen hasia zelako, ilargiaren zikloaren jabe zen berriro.

Badakizu zuk desioekin kontuz ibili behar dela, batzuetan bete egiten baitira. Fabian talaiatik jaitsi eta jokoan sartu zenean, erdizka zekien zer nahi zuen. Bere ustez zuhur ari zen, pausu neurtuan. Ez zuen ezer puskatu nahi, tortilla arrautzarik hautsi gabe egin nahi zuen. Bazekien ez zela posible eta, hala ere, egin behar zuen. Justaposizio horren bi atalak kontzesiorik gabe maila berean zeudela onartu zuenean, orduan bakarrik, lortu zuen burua lasaigune kurioso batean uztea: argazki-kamerarekin ezinezkoaren bila ibiltzen ohitua zegoenez, sentitzen zuenaz extrapola zezakeenak erakartzen zuen, arriskatzeko prest zegoela erabakitzeraino. Handik edo hemendik aterako zen.

2011/09/17

Neskekin gelditzen da

Helburua, beraz, lerroa dun. Lerro bakarra.

Komunetik bueltatu zenean, Emma eta Fabian begiak begietan sumatu zituen Junek. Zuk bi lagun horrela topatu izan bazenitu, biak batera lepoetatik heldu, eta musu bana emango zeniekeen, gaua luzea izango zela-edo esanez. June, ordea, diskretuago ibili zen hori baino: kafea non eta nola hartu erabakitzeko bi segundo eman zien; bestela, azkar erantzuten ez bazuten, berak tonika ginebrarekin nahi zuela bertan hartu.

Fabian abiatu zen Juneren konbinatuaren eta bi garagardoren bila, pozik. Berez zetorren gauaren luzapena; egoera idealean, gainera: eskatu edo iradoki beharrik izan gabe. Hurrengo erronda non hartuko, biei galdetu baitzien Junek. Berdintasuna nabaria zen doinuan, hiruren arteko begirada gurutzatuetan eta, batez ere, bi neskek zentimorik gabe zeudela jakinarazi zioten modu irekian. Kutxazainetatik ez pasatzen saiatuko zinen zu, gau osoan. Pentsamendu bakarrak iluntzen zion gogoa Fabiani: Klaudiak afaria baldin bazuen, non ote zuen, ez baitzuen inola ere harekin topo egin nahi.

Dena dela, bi birrak esku batean eta gin-tonika bestean, alai itzuli zen Fabian lagunenengana: irribarre beatifikoarekin, metal-ura norentzat zen galdetu, eta bien artean eseri zen. Ongi etorria sentitu zen. 

Emma hasi zitzaion hizketan. Hankak gurutzatzean, ezkerreko belauna Fabianen izterraren gainean, ustez oharkabean, gelditu zitzaion. Panazko galtza grisak zeramatzan, Fabianenak baino argixeagoak eta marra zabalxeagokoak. Emmaren belaunak ukitu zuen puntutik lehenengo saihets-hezurrerainoko kitzikadurari tamaina hartu zionean, belarriak bero-bero zituela jabetu zen Fabian. Badakizu zuk horrekin bakarrik galtzontziloak busti antzera iritsiko zela etxera, puber-aroko bere lehenengo zirrien ondoren iristen zen bezalaxe...

Bitartean, ageriko errejistroan, Emma irribarre arin batekin esan zion ez zuela ikusi norekin zegoen: jakin nahi zuen zer zela eta zegoen bakarrik, baina zeharka ibili zen. Zuk haren bila atera zinela esango zeniokeen, egunak zeneramatzala bila, deabruak hartuta; hirian zehar kalez kale galduta, noraezean ibilitzen zinela haren peskisan. Fabian, ordea, Junerekin moztu zen, eta zeharka erantzun zuen hark ere: lagunak haren beharretarako goizegi etxeratuak ziren.

Junek bota zuen orduan: Tira, gainkarga jasan beharko dinagu gaur, zer egingo zionagu, bada.

June irribarretsu eta begia itxiz ari zen. Fabian, hala ere, ez zegoen bere ziurrenean. Hiperkitzikatua zebilenez, nahikoa zen horrelako txantxa bat zirrikituak zabaltzeko haren zoriontasunaren globoan. Zirrikituetatik oinak lokazten zizkioten bi gai deskontrolatu jariatzen ziren: Klaudia eta Emma; niente.

2011/07/06

Juneren mutikoa

Berriro esango dinat: atalez atal osatzen ditun unitate zabalagoak. Denak lerroa ditun.

Portuko bidean zihoala, jauregi baten hoditeria gorrituari argazkia egin eta gero, mutiko bat sumatu zuen berari begira. Hamar bat urtekoa, argala, koloretsu jantzita, jazkera konjokatuegia zure gusturako. Bazuen, hala ere, keinu atsegin bat, gurasoen janzkeraren zigorraren aringarri: oso irribarre lasaia, abegikorra. 

Mutikoaren ahotik entzun zituen Fabianek Juneren azken hitz haiek. Mutikoa ari zitzaion atalak baino unitate zabalagoez. Umearen begi berde bustiek argi utzi zioten Juneren umea zela. Bezperako ildoa errepikatzen ari zitzaion, haiekin egon balitz bezala; bere adinerako, deslekuan.

Fabianek edozein ezezaguni lagunei bezala hitz egiten zion topatzean, konfiantza handiz, atsegin. Egia da oso gutxi behar zuela dohainkako konfiantza hori galtzeko. Batzuetan, nahikoa zen esaldi zozo bat iragaziak jartzen hasteko, atzera egiteko: doinu-aldaketa ez-harmoniko bat, edo begirada oker bat, berea edo aurrean zuenarena. Umeei hitz egiterakoan beti ere irekiago jokatzen zuen, ordea, gehixeago barkatzen zien.

Azken argazkia egin eta gero, betaurreko beltzak jantzi, kamara motxilan sartu, eta aurrera jarraitu zuen. Mutikoa aldamenean ipini zitzaion.

Amatxok esaten dit ez kezkatzeko lerroak ez bazaizkit zuzen ateratzen, oso politak dirala okerrak ere.

Gero, mutu gelditu zen. Fabianek ulertu zuen lasai segi zezakeela berearekin, eta balkoi oker bati erreparatu zion. Objektiboa aldatu behar zuenez, terraza batean eseri zen Juneren mutikoarekin. Gaseosa inperialista bana eskatu zuten. Zigarro bat piztu, eta berehala itzali zuen. Ez mutikoagatik; ez zitzaion gustatzen objektiboak zigarroa piztuta aldatzen ibiltzea, eta horri ekin zion freskagarriak etorri bitartean. Zoom luzea jarri bezain pronto, eserita zegoen tokitik balkoiari apuntatzen hasi orduko, beste zigarro bat eskuratu zuen. Hurrengo klika egin arte ez zuen piztu.

Bi argazki beranduago, Emmari buruz hasi ziren hizketan; mutila hasi zen: betidanik (auskalo zer esan nahi zuen) ezagutzen omen zuen amaren laguna. Emmak uste omen zuen aurreko harreman luze batek utzitako nahasmenduan murgilduta zebilela, baina, amatxok zioenez, bestela ere behar zituen batetik bestera zeramatzan azken bi urteak, bere buruarekin bakea egiteko. Zuk ziztu batean irudikatuko zenukeen Emma, ohean etzanda, bakarrik, biluzik, bere buruarekin bakea eginda, eskua hanka tartean utzita, azkenean. Fabianek, aitzitik, xamurtasun lelo batek jota, besarkatzeaz eta lagun urkoa galbidetik ateratzen laguntzeaz hasi zen lerdea botatzen, telenobela venezuelar okerrenen bidetik hurbil.

2011/04/22

Kosmogonia

Baditun, itxura batean, lerro bakarraren aurkako argudioak: pentsa ziteken, adibidez, errealitate paraleloak daudela, edota, interpretazio kontrajarriak azaltzeko, lerro bat baino gehiagoren beharra dagoela. Edo elkarrizketa xume bat transkribatzeko ere, bi lerro ezinbesteko ikusiko ditin hainbatek. Baina, ikuspegia doituz, onartu behar dun aipatutako ekintza horiek -eta beste edozein-, aldi berean gertatuta ere, barneratuko baditun, arrazoituko baditun, lerroari jarraituz beharko duela izan.

Ez zekien Fabianek nora zihoan. Etxetik norabiderik gabe irtena zen, argazki-kamara hartuta, askotan bezala. Borneak, itxiturak, irekidurak... matematika bitxia. Herdoil eta goroldio bila ibiltzea erabaki zuen. Izan ere, azken aldian gai horiek sartzen zitzaizkion objektiboetatik. Itsasertzeko harrietara jo zuen, portuko bidetik. Oinez hasi orduko, bezperan gertatuaz gogoeta egiteari heldu zion, berriz, tentuz:

June komunera joanda, bakarrik gelditu zirenean, Emmari adierazi zion talka hirukoitzen kontu hark sortu zion sorpresa. Intentsitate baxuko jolasean ibiltzea deliberatua-edo zuenez, hortik heldu zion. Zuk sekula ez duzu jakin planoak, mailak, errejistroak horrela bereizten. Zaila egiten zaizu jokabide hori ulertzea; zeu, besarkatu, eta mihika hasiko zinatekeen unean, nola litekeen Fabian Juneren talken kontuarekin hastea, barrenak eskatzen zionari entzungor. Badakizu June berehala zela bueltan, baina sikiera hurbilketatxo baten imintzioa marraztuko zenukeen zuk, gerra-seinaleren bat. 




Fabian ez zen guztiz inozoa, baina. Juneren hitzei heltzean bi helburu zituen: lehena, Emmari zientzia-gai horiek ezer esaten ote zioten jakitea. Oso garrantzitsua iruditu zitzaion une hartan gaztearen kosmogoniaren ezagutzan aurrera egitea. Mapa eskasegiarekin zebilen Emmunduan. Apenas zekizkien nortasun-agirikoak, eta ez ondo. Pentsatzen jarrita, lau bider izanak ziren jende gehiagorekin, eta hiru aurrez aurreko saio labur-laburretan. Denbora horretan inori buruz ikas daitezkeenak zekizkien, beraz: biografia puska niminoak eta sentsazio asko, asko. Informazio gehiago behar zuen.

Bigarren helburua ez zen makalagoa. Gaua hasi berria zen, eta ez zuen, oraindik, Klaudiarekin topatzeko aukera deskartaturik. Ondorioz, komeni zitzaion hiruren arteko zerbaitetan zentratzea, jende artean zeuden bitartean. Nahiago zuen ildo soziala jorratzea ageriko komunikazioan. Gerorako utzi zituen, beraz, Emmarekiko elkarren arteko ukitu itxuraz inuzenteak eta mezu subliminalak; eta isilean, berriz, ezkutatu ezinik, hala ere, begirada tximista-sortzaileak. Hondartzan hartu zion hotz-itxura ahaztuta, Emmarekin izan zen lehenengo egunetik, bien begiak hitz eginda baitzeuden argiago haiek baino.