2011/02/28

Emma

Paragrafo multzoz osatutako testuak ere, argi dagoenez, lerroaren atalak ditun. Atala definitzen duena ez dun bornatutako zatia paragrafoa baino zabalagoa izatea ; atala honako honek definitzen din: borna-itxitura etorri baino lehen, beste irekidura bat zatorren.


Juneren hitzen burrunbak hor zirauen. Eta baita Fabianen partezko adostasuna ere: gauaren luzean lerroa atzematera-edo iritsi zen; ez zitzaizkion zentzugabeko konparazioak gustatzen, ordea. Pintatzea edo idaztea, zein zailago; aita ala ama, nor maiteago: zakurraren putza. Zigarrokina itzali, eta aurrera egiten saiatu zen. Baina eserlekutik altxatzeko ahaleginak buruko dantzari bakailao pilulazaleenaren erritmoa eman zion. Bankua eskalatu behar izan zuen, jaiki ahal izateko, hain zuen gorputza kexan.

Pentsamendua gorputza baino arinago zihoan, jakina; nahi zuen bidetik baina:

Aurreko gauean, etxetik atera zenean, Fabianek ez zuen espero oso berandu bueltatzea: bokata bat, kafea terraza batean, eta etxera. Kafearen ondoren zerbezaren bat, asko jota. Baina, ustekabean -hoberenak, horiek- gaua luzatuko zitzaiola jakin zuen bokata eskatu orduko: Emma zen han, taberna-zuloan, lagun batekin.

Emmarenak kontroletik kanpo eduki zuen bolada batean, Klaudiarekin bizi bazen ere. Adiskide baten bitartez izan zuen Fabianek haren berri. Aurreko neguan hasi zen historia. Hondartzan, korrika zebilela, paseatzen ikusi zituen adiskidea eta ezagutzen ez zuen emakumezko bat. Ez ziren gelditu ere egin; iepa bakar batean ulertu zuen sesioan ari zirela. Argala, garaia, hotza: argazki azkarrean, hori bakarrik gogoratzen zuen egun hartako Emmaz. Deigarria egin zitzaion adiskidearen begien bistako urduritasun lekuz kanpokoa.

Handik denbora batera jakin zuen utzia zutela harremana; egun hartan gertatu omen zen haustura. Neskaren eskutik jakin ere: Emma aurkeztu zioten sagardotegi batean, eta orduan baieztatu zizkion hondartzako liskarraren inpresioak, oso laburra gertatu zitzaien gau luze batean. Hitz egitea besterik egin ez zuten gau hartatik aurrera, Fabianek eta Emmak topo egiten zuten bakoitzean, elkarren arteko erakarpen-tentsioa hazi eta hazi zebilkien. Ezintasunen eta desioen arteko borroka etengabea. Fabianen harreman egonkorrak tokirik uzten ez. Emma, gerora aitortu zuenez, aurreiritziak baldintzatua. Hala ere, jardun beharra; jolastu beharra.

Ikusita daukazu pertsona batzuek eragin berezia dutela haien presentzia hutsarekin. Zure aurrean azaldu orduko, edo lehenago oraindik, itxuraldatuta gelditzen zaizu dena: kontzientzia-egoeraren aldaketak errealitatearen pertzepzioa birfokarazten dizu. Egoera aldatu horietan, burua azkar mugitzen da, gorputza baino azkarrago, hor ere. Egoera-aldarazle handietako bat sexu-pultsioa da. Larrua oraindik jo ez duten jostalarien energiak ez du parekorik. Ahalguztidunak direla iruditzen zaie, inozo azaltzeak ez dituelako kezkatzen, besteak beste.

2011/02/20

Kalera

Atalez atal osatzen ditun paragrafoa baino unitate oraindik zabalagoak. Denak lerroaren parte ditun.


World Trade Center behera erori zen astearen bukaerako goiz hartan, Fabianek ilea tentetu zuen kopetaren gainean; aurpegia lehortu, eta kalera abiatu zen. Bera ez zegoen, noski, Manhattanen.

Klaudiarekin alberdanian aritu eta gero, askoz ere hobeto sentizen zen. 

Halako batean, June etorri zitzaion berriro gogora. Oraindik ere oso nahastuta zuten bezperako ideien artean, parrandakidearen irudia zuen buruan, holograma baten errealismoarekin: bai, adin ertaineko andre txiki hura, kaskamotza, gabardina grisduna. 

Ez, egon (holograma dardarka hasi zitzaion); gabardina ez zen grisa, beigea baizik. Areago: gabardina ere ez zen, hirulaurdena baizik, eta, gainera, neskaren adina dantzan zebilkion: inola ere ez zen adin ertainekoa, gaztea zirudien orain eta. Gaztea gogoratzen zuen, bai, gazteagoa azken tabernako barraren argitan ematen zuena baino, behintzat. Taberna hartan, Junek zaharra zela iradoki zuela gogoratzen baitzuen Fabianek bere nahasian:

"Nik bi mila urte zauzkat. Hogeita gutxi nituenetik zauzkat bi mila. Garbi-garbi ikusten diat hori orain, hogeita hamarrera iritsita. Ziurtasun erabatekoaz zakiat: lerroarekin dik zerikusia..."

Lerroaren oroitze hutsak goragalea sortu zion Fabiani. Guztiz desatseginak ez diren goragale gozo horietakoa zen, ordea: gosariko kruasanaren gustua eta Klaudiarena ahoratu baitzitzaizkion aldi berean. Sentsazioa luzatu eta indartzeko asmotan, eskua sudurrera hurbildu zuen: bai, dutxatuta ere, han zegoen oraindik bere andrearen sakontasunen usain sakona.

Tamalez, iragan hurbilaren zaporearekin gozatzeko betarik izan gabe, bezperako alkoholak eragindakoa nagusitu zitzaion atzera, zuku gastrikoenarekin nahastuta; eta zorabiatu egin zen. Ibilbideko banku batean eseri behar izan zuen, eta arnasa sakon hartu. Tripen ziztadari aurre egiteko edo, zigarro bat piztu zuen.