2011/04/22

Kosmogonia

Baditun, itxura batean, lerro bakarraren aurkako argudioak: pentsa ziteken, adibidez, errealitate paraleloak daudela, edota, interpretazio kontrajarriak azaltzeko, lerro bat baino gehiagoren beharra dagoela. Edo elkarrizketa xume bat transkribatzeko ere, bi lerro ezinbesteko ikusiko ditin hainbatek. Baina, ikuspegia doituz, onartu behar dun aipatutako ekintza horiek -eta beste edozein-, aldi berean gertatuta ere, barneratuko baditun, arrazoituko baditun, lerroari jarraituz beharko duela izan.

Ez zekien Fabianek nora zihoan. Etxetik norabiderik gabe irtena zen, argazki-kamara hartuta, askotan bezala. Borneak, itxiturak, irekidurak... matematika bitxia. Herdoil eta goroldio bila ibiltzea erabaki zuen. Izan ere, azken aldian gai horiek sartzen zitzaizkion objektiboetatik. Itsasertzeko harrietara jo zuen, portuko bidetik. Oinez hasi orduko, bezperan gertatuaz gogoeta egiteari heldu zion, berriz, tentuz:

June komunera joanda, bakarrik gelditu zirenean, Emmari adierazi zion talka hirukoitzen kontu hark sortu zion sorpresa. Intentsitate baxuko jolasean ibiltzea deliberatua-edo zuenez, hortik heldu zion. Zuk sekula ez duzu jakin planoak, mailak, errejistroak horrela bereizten. Zaila egiten zaizu jokabide hori ulertzea; zeu, besarkatu, eta mihika hasiko zinatekeen unean, nola litekeen Fabian Juneren talken kontuarekin hastea, barrenak eskatzen zionari entzungor. Badakizu June berehala zela bueltan, baina sikiera hurbilketatxo baten imintzioa marraztuko zenukeen zuk, gerra-seinaleren bat. 




Fabian ez zen guztiz inozoa, baina. Juneren hitzei heltzean bi helburu zituen: lehena, Emmari zientzia-gai horiek ezer esaten ote zioten jakitea. Oso garrantzitsua iruditu zitzaion une hartan gaztearen kosmogoniaren ezagutzan aurrera egitea. Mapa eskasegiarekin zebilen Emmunduan. Apenas zekizkien nortasun-agirikoak, eta ez ondo. Pentsatzen jarrita, lau bider izanak ziren jende gehiagorekin, eta hiru aurrez aurreko saio labur-laburretan. Denbora horretan inori buruz ikas daitezkeenak zekizkien, beraz: biografia puska niminoak eta sentsazio asko, asko. Informazio gehiago behar zuen.

Bigarren helburua ez zen makalagoa. Gaua hasi berria zen, eta ez zuen, oraindik, Klaudiarekin topatzeko aukera deskartaturik. Ondorioz, komeni zitzaion hiruren arteko zerbaitetan zentratzea, jende artean zeuden bitartean. Nahiago zuen ildo soziala jorratzea ageriko komunikazioan. Gerorako utzi zituen, beraz, Emmarekiko elkarren arteko ukitu itxuraz inuzenteak eta mezu subliminalak; eta isilean, berriz, ezkutatu ezinik, hala ere, begirada tximista-sortzaileak. Hondartzan hartu zion hotz-itxura ahaztuta, Emmarekin izan zen lehenengo egunetik, bien begiak hitz eginda baitzeuden argiago haiek baino.