2011/07/06

Juneren mutikoa

Berriro esango dinat: atalez atal osatzen ditun unitate zabalagoak. Denak lerroa ditun.

Portuko bidean zihoala, jauregi baten hoditeria gorrituari argazkia egin eta gero, mutiko bat sumatu zuen berari begira. Hamar bat urtekoa, argala, koloretsu jantzita, jazkera konjokatuegia zure gusturako. Bazuen, hala ere, keinu atsegin bat, gurasoen janzkeraren zigorraren aringarri: oso irribarre lasaia, abegikorra. 

Mutikoaren ahotik entzun zituen Fabianek Juneren azken hitz haiek. Mutikoa ari zitzaion atalak baino unitate zabalagoez. Umearen begi berde bustiek argi utzi zioten Juneren umea zela. Bezperako ildoa errepikatzen ari zitzaion, haiekin egon balitz bezala; bere adinerako, deslekuan.

Fabianek edozein ezezaguni lagunei bezala hitz egiten zion topatzean, konfiantza handiz, atsegin. Egia da oso gutxi behar zuela dohainkako konfiantza hori galtzeko. Batzuetan, nahikoa zen esaldi zozo bat iragaziak jartzen hasteko, atzera egiteko: doinu-aldaketa ez-harmoniko bat, edo begirada oker bat, berea edo aurrean zuenarena. Umeei hitz egiterakoan beti ere irekiago jokatzen zuen, ordea, gehixeago barkatzen zien.

Azken argazkia egin eta gero, betaurreko beltzak jantzi, kamara motxilan sartu, eta aurrera jarraitu zuen. Mutikoa aldamenean ipini zitzaion.

Amatxok esaten dit ez kezkatzeko lerroak ez bazaizkit zuzen ateratzen, oso politak dirala okerrak ere.

Gero, mutu gelditu zen. Fabianek ulertu zuen lasai segi zezakeela berearekin, eta balkoi oker bati erreparatu zion. Objektiboa aldatu behar zuenez, terraza batean eseri zen Juneren mutikoarekin. Gaseosa inperialista bana eskatu zuten. Zigarro bat piztu, eta berehala itzali zuen. Ez mutikoagatik; ez zitzaion gustatzen objektiboak zigarroa piztuta aldatzen ibiltzea, eta horri ekin zion freskagarriak etorri bitartean. Zoom luzea jarri bezain pronto, eserita zegoen tokitik balkoiari apuntatzen hasi orduko, beste zigarro bat eskuratu zuen. Hurrengo klika egin arte ez zuen piztu.

Bi argazki beranduago, Emmari buruz hasi ziren hizketan; mutila hasi zen: betidanik (auskalo zer esan nahi zuen) ezagutzen omen zuen amaren laguna. Emmak uste omen zuen aurreko harreman luze batek utzitako nahasmenduan murgilduta zebilela, baina, amatxok zioenez, bestela ere behar zituen batetik bestera zeramatzan azken bi urteak, bere buruarekin bakea egiteko. Zuk ziztu batean irudikatuko zenukeen Emma, ohean etzanda, bakarrik, biluzik, bere buruarekin bakea eginda, eskua hanka tartean utzita, azkenean. Fabianek, aitzitik, xamurtasun lelo batek jota, besarkatzeaz eta lagun urkoa galbidetik ateratzen laguntzeaz hasi zen lerdea botatzen, telenobela venezuelar okerrenen bidetik hurbil.