2011/10/02

Mareak

Senidetasun-harremanen lege-esparruan ere, lerroak agintzen din. Horren erakusgarri argia dun bart jaioa ez den legitima edo senipartea: nahi dunana esango dun, ordenua egin, aurrikusi, ezarri; baina ez dion odol-lerroari ihes egingo. Hire ondasunen zati batez ezin dun erabaki, aldez aurretik emana zagon; familian sinistu ala ez. 


Argia eskastu ahala, koloreak epelduz zihoazen kai aldean. Arroken artean bildutako xafla herdoildu erdi zuri bati begira zegoen Fabian. Junek lerroa ikusiko zuen hor: gizateriak landutako guztiaren etorkizuna zuten aurrean;  esku-lanen garapen lojikoa korrosioa baita, endekatzea. Sentsazioek gidatzen zuten Fabian, ordea, ez burutazioek. Bazuen horretarako arrazoia. Ikasita zegoen, berrikasita zegoen, senari berea ematen, natura kontsideratzen zuenari bide ematen. Zehatzago esanda, barru-barrutik zekien, azken batean, edertasunaren bila ibilita, sentimenekin topo egiten zela.

Argazki-makina zeharka jarri, zooma enkoadraketa egokitzeko baliatu, eta tiro egin zuen. Hamaika ñabardura jaso nahi zituen sentsorean: inuiten zuri guztiak; herdoilaren okreak, laranjak, gorriak, beltzak; altzairuaren urdinak, grisak; itzalen osagarriak; islen deribazioak. Denak bildu nahi zituen Fabianek argazki bakarrean. Zuk sekula ez zeniokeen halako burdina puska bati begiratu ere egingo. Zuk haragizko erretratuak dituzu gustuko; biluziak, ahal bada.

Hilabeteak pasatu ziren Fabian Emmarekin gustatu zenetik kolpatuta zegoela konturatu zen arte. Tarte horretan, Klaudiarekin lasai ibili zen. Egonkortasuna hurbilekoa zuten, harmonia lagun. Barealdi luzea egokitu zitzaien, akaso biak zetozelako marea biziegitan igeri egitetik. Elkartu zirenetik, mareen zikloak ez zien urte askoan eragin; ez marearik izan ez zelako, baizik eta babestutako kostaldeko talaian bizi zirelako. Estokholmeko sindromeak, batzuetan, edo zuk maitasuna esan nahiko ez zeniokeen lotura afektibo-praktiko gero eta sendoago horrek, beste batzuetan, edota, askotan, egunen hurrenkera hutsak, denek malekoiarena egin zuten noizbait ekaitzaren aurrean, urak baretu bitartean. Horregatik zebilen Fabian kezkatuta, mareak berriz aditzen hasia zelako, ilargiaren zikloaren jabe zen berriro.

Badakizu zuk desioekin kontuz ibili behar dela, batzuetan bete egiten baitira. Fabian talaiatik jaitsi eta jokoan sartu zenean, erdizka zekien zer nahi zuen. Bere ustez zuhur ari zen, pausu neurtuan. Ez zuen ezer puskatu nahi, tortilla arrautzarik hautsi gabe egin nahi zuen. Bazekien ez zela posible eta, hala ere, egin behar zuen. Justaposizio horren bi atalak kontzesiorik gabe maila berean zeudela onartu zuenean, orduan bakarrik, lortu zuen burua lasaigune kurioso batean uztea: argazki-kamerarekin ezinezkoaren bila ibiltzen ohitua zegoenez, sentitzen zuenaz extrapola zezakeenak erakartzen zuen, arriskatzeko prest zegoela erabakitzeraino. Handik edo hemendik aterako zen.