2011/12/05

Tabernaria

Egia dun lerroaren egonkortasunari eusten dion bakarra odola dela askotan; oinordekotza jarraikortasunaren bermatzaile bakarra izaten dun. Lerroan ondo errotutakoa dun odola, geuregan bezalaxe.


Kainak azkarrago edaten dira konbinatuak baino. Barratik bueltan berriro, oraingoan bi garagardo-botilatxorekin, Fabian uzkurxeago zetorren. Lehenengo itzulian, edari bila abiatu zenean, kontzientzia aldatuaren zerutik lurrerako bidean, ez zuen sentitu neska-bikotea ez zen ezeri erreparatu beharrik.


Baina tabernan jendea zegoen, eta, barrarantz zihoala, begirada bat baino gehiagorekin egin zuen topo. Bazuen tipo bat, besteak beste, begira: sendoa, burusoila, bibotea eta betaurrekoak zituena, durangarra. Fabianek ez zuen ezagutzen. Distira begietan eta irribarre makurra, eskatu gabeko onarpenaren kiratsa zerion. Gizonezko batzuk gizon guztiena dela uste duten konplizitate nardagarriaz mintzatu zitzaion: joder, bi andrerekin hago, tio; ondo, ondo... Esateko irrika hori mozkorraldiko fase batzuetan areagotu egiten da.


Hala ere, uzkurtu zuena ez zen gizon haren ustezko kidetasun falikoa. Azken batean, Fabian, arra izaki, behin baino gehiagotan baliatua zen enpatia horretaz beste gizonezkoekiko tratuan. Baita bera lerdotu ere inoiz, eta lotsagarri jokatu noizbait. Zuk ezin duzu gizon arteko jokabide hori jasan: mila aldiz nahiago duzu andrazkoen arteko elkartasun beti ere baldintzarik gabekoa, no te jode.


Ez, ez zion bibotedun-betaurrekodun burusoil durangarrak gogoa ukitu, tabernariak baizik. Hasierako ogitartekoa eskatu zuenean jarri zion begirada hotza aldatuta kasu egin zion erronda eskatu zuenean, lagunkoi. Emakume heldua zen, taberna-lanak urratutako aurpegia, asko ikusitako begiak, zimurrez inguratuak. Masai gorrixkak. Diru-kontua irribarretsu eman zion hartan; zuri tabernari izateko lehorra zirudiela irudituko litzaizukeen eskuarekin ukitu zuen Fabianena. Aitzitik, bigarren birren eske joan zitzaionean, zerbaitengatik, errezeloa adierazi zion, ezpainak estu eta, atzera ere, hotz atenditu baitzuen.


Fabianek garbi sentitu zituen bi aldaketok. Lehenengoa ezaguna zitzaion: jakitun zen ezezagunei hurbiltzeko bere ahalmenaz. Bigarrenak, berriz, nahastuta utzi zuen. Argi antzematen zuen hoztasun berreskuratua, baina ez zuen zergatia ulertzen. Zuk, ordea, argi daukazu: Junek bakarrik utzi zituenean Emma eta Fabian, bi horien arteko loturak kantatu egin zion tabernako Marujari. Tabernaria ikusia eta ikasia izanik, ezkutuko erregistroa aditzen zuen, eta Klaudiaren egitateaz (ereduaz, ziurrago) jabetu zen nolabait. Badira alkoholaren kontrako tabernariak eta badira moralistak ere. Eta hau bigarren taldekoa, behintzat, bazen. Edota, Fabianekin gustatuta zegoen eta Emmarekin ikusi eta gero stand-by posiziora itzulia zen, besterik gabe, batek daki.


Kontua da, horrenbestez, Fabianek ziurtasun ale batzuk galdu zituela bidean. Denekin atsegina izan beharrak horrelako egoerak ekartzen zizkion. Heldutasun-falta eternala. Horregatik goibeldu zen. Pitin bat, bakarrik: azken batean, andrearen eragina irismen mugatukoa zen, zenbat eta barratik urrutiago egon, orduan eta txikiagoa. Neskengana iritsi zenerako ia ahaztuta zegoen antipatia-erasoarekin, eta haiek lagundu zioten buelta ematen: hizketa eten gabe, bien erdian lekua egin zioten, aldi berean elkarrengandik bereiziz eta esertzeko keinua batera eginez. June ari zen:


Bigarren hizkuntzan ideiak era sintetikoagoan azaldu behar izateak ideion argitasunaren alde egiten din.



Emmak baietz egin zion buruarekin Juneri. Elebakarra sekula ez zela horretaz jabetuko gehitu zuen. One point for Emma.