2011/04/08

June

Helburua, beraz, lerroa dun. Lerro bakarra.

Fabian halaxe sentitu zen, ia ahalguztiduna, Emma berriz ere taberna hartan ikustean. Kolpe batean lortu zituen hauek guztiak: gosea galtzea; zerbeza kontrako eztarritik joatea -sotilki-; Klaudia kontrolatuta ote zuen errepasatzea, eta, bokata eskuetan, neska-bikotearengana hurbiltzea, erabat Emmaren imanari emana.

Ataza guztiak hurrenkera egokian bete ote zituen zalantzak ez zion asko iraun: Emmari lehenengo hitza esateaz batera konturatu zen Klaudia ez zuela kontrolatuta, eta, areago, goizean goizetik ikusi gabe, ez zegoen oso ziur lagunekin afaria ez ote zuen. Auzoan ibil zitekeen. Eraso-estrategia aldatzera eraman zuen horrek. Tentsio handieneko mailatik jaitsi eta aurrera ma-non-tropo egitea erabaki zuen: Emmaren lagunari orduan erreparatu zion lehen aldiz.

June zen. Emma baino zaharxeagoa, akaso. Txikia; begiak berde bustiak.

Lehen ere egona zen Fabian bi neskarekin batera, tentsio bereziko parrandetan. Ezagutzen duzu komeria: neskek elkarri laguntzen badiote, ondo; aitzitik, elkarren arteko barre-txikitan badabiltza, kontuz. Fabian ondo moldatzen zen horrelako jokoan. Azkar erantzun behar zen, azkar zirikatu, eta azkar edan. Bi neskarekin batera, arazo gutxiago, gainera, Klaudiarekin ezustean topatuz gero...

Aurkezpen laburraren ondorengo lehen hitzek jota utzi zuten Fabian, June Emmari zuzendu zitzaionean:

Zinetika kimikoaren arabera, erreakzio batzuk gerta daitezen, ez dun nahikoa bi molekulak talka egitea: talka hirukoitza behar dun. Erreakzio horiek, halaber, askoz errazago gertatzen ditun katalizatzaile baten laguntzaz. Katalizatzailea bere horretan mantentzen dun erreakzioa bukatu eta gero, ez dun aldatzen.

Horrelaxe ezagutu zuen Fabianek June.

Juneren esanak harritu zuen Fabian, ez baitzekien argi benetan ari ote ziren kimikaz, edo ihes egiten zion bigarren irakurraldi batean murgilduta ote zebiltzan. Zuk helduko zeniokeen puntuari, eta berehala erantzungo zeniokeen Juneri hirukote ederra osatzen zutela han, hirurek, talka hirukoitz batzuk saiatzeko, eta katalizatzailea nahi izatera, erakutsiko zeniokeela bat, bukaeran bere horretan irautea espero, bai, baina erreakzioak irauten zuen bitartean dezente aldatzea nahiko zenukeena. Hori guztia erantzungo zeniokeen zuk.

Baina, Fabian ez da zu: mardulenetik heldu zion Juneren enbidoari, berak ezin zuela hori guztiz onartu erantzunez. Katalizatzaile batzuk, behintzat, erreakzio-mekanismoaren bitarteko etapetan aldaketa handiak izan omen zitzaketela, nahiz eta bukaeran beren horretara itzuli, itxuraz. Eta itxurakeriazko egonkortasunaren azpitik edo gainetik, nork esan zezakeen zer-nolako aldaketa sumaezin ez ote zuen izango materia horrek bere baitan, erreakzioa bukatzean. Jabetzen zen mistiko jartzen ari zela, baina Emmaren aurrean berezko joera areagotzen zitzaion: loretxoak eta txoritxoak, badakizu.

Bukatu zuenerako, Emma bakarrik zuen begira, irribarrez. June komunera joana zen.