2012/05/28

Eredua

Ematen dik lerroa, eraikinen kasu horretan, korapilatu egiten dela, txirikordatu, eta, beraz, bolumenerantz doala --ez gainazalerantz--. Azken batean, hiriak etxe altuak ditik: horra hirugarren dimentsioa, altuera; dena lerroa bada, nola lerrokatu bolumena?

Fabianek ez zuen oraindik etxeratu nahi. Bakarrik egongo zen arren, nahiago zuen kalez kale ibiltzea. Muga horretan, ia eroso: Klaudiaren etxeko giltzak eskura, patrikan, eta Emma ustez ibil zitekeen ingurunean. Harraparia baino gehiago, oportunista. Aukera sortu ez zedin desiratuz, ordea. Dantzan. Konturatu zenean noraez horretan zegoela lasaien, barrutik ateratako barre txiki batek argitu zion aurpegia. Bai, bere buruaz ari zen barrez.

Izan ere, Klaudia etxean bizitzen gelditu zenean bezala, orain ere Fabian de factoko zerbaiten bila zebilela ematen zuen. Krisi sakonean egunak zeramatzanean, lo gutxi egiten zuen; jan, are gutxiago: gorputza elektriko zeukan, ez zuen energia berritu beharrik. Eta esnatzen zenetik oheratu arte, pentsamendu bakarra zuen: Emma. Zuk arrailatua zegoela esango zenukeen: maiteminak ez zion ezta kanpaia jotzen ere uzten.

Klaudiarekin ohikeriazko eredu egonkorrean aspaldi bizi zen arren, Fabiani kosta egiten zitzaion normaltasun-itxurak egitea. Ez zion bere buruari onartzen, baina une haietan, harremanari urteek emandako definizioa erakusten ari zen bikotearen bizi-egituraren muga praktikoa. Harremana hasieran mugarik gabe sortu zuten arren, hark zehaztugabetzat jotzen zuen ereduak harrapatuta zeukala sentitzen hasi zen. Ez zuen gezur/traizio terminotan pentsatzen, espazio-denborak arduratzen zuen. Klaudiari haren eroaren berri emateak ezinbesteko erreformatan sartzea esan nahi zuenez, ez zion ekin nahi ezinbestekoa ez bazen. Zuk esango zenukeen oso gizon jokatzen ari zela.

Eta hor da gakoa, bukaerarako utzi beharko litzatekeena, ezinbestekotasuna neurtzeko parametro gisa ez zuen hartu espazio-denboraren birbanaketa: oharkabean, ziurrenera, Emmaren erantzunaren arabera moldatu nahi zuen Fabianek bere bizi-egituraren zutabeen berritze-lana. Alegia, aldaketetan hasiko zen baldin eta bakarrik baldin harenganako grinaren ezeren aztarnarik antzematen bazion Emmari, ez beste. Horrek, noski, itxura gordetzea eskatzen zion denbora batez; jolasa tarte txikietan bakarrik aktibatzea, eta, beraz, arriskua neurtuz aurrera egitea. Asumitzen ari zen, nabarmen, krisiaren tratamenduak zekarren arintasun horrek Emmarengandik urruntzeko aukera guztiak zituela. Fabiani, hala ere, beharrezkoagoa egiten zitzaion ordura arteko egituraren bilakaerari lehentasuna ematea; korapiloa gordiartu egiten ez zen bitartean, behintzat. Zuk badakizu faltsukeria-gradua handitzen ari zela horrenbestez, baina une hartako Fabianen bizitzaren ekualizadorean beste aldagai garrantzitsuago batzuek eskatzen zioten arreta. Kontua ez zen iruzurra egitea ala ez, kontua zen iruzur egin gabe bizi-egituran lurrikara ekarriko zionaren dimentsioaz aldez aurretik jabetzea. Eta horrek espazio-denbora eskatzen zuen, ez zuena.

Estrategia hurbila argiago zuela iritsi zen etxera Fabian, nekatuta.