2011/01/08

Ikurrin zuria


         Lerroaren adierazpen indartsuenetako bat amaren eta alabaren arteko loturari zor zaion. Semearen eta amaren artekoari -edota bestelako harremanei- ezer kendu gabe, bazagon andre-alde bat lerroaren egitura barruenekoan. Ama-alaben loturak emetasunaren transmisioa bideratzeko baino areago, gizatasun osoaren alderik garrantzitsuenaren, lurrezkoenaren transmisioa ziurtatzeko ardura zaraman. 


         Ia dena itxita zegoenez, diskoteken aukera bakarrari pasierarekin erantzun zioten hiru lagunek. Giro ona zegoen kostaldeko pasealekuan. Itsaso zakarrak murruen menpe zirudien; mehatxatzaile, hala ere, olatuen indarrez.

         La mer, la mer, toujours recommencée…

(Valèrie, “Le cimètiere marin”). Bertsoa Alejo Carpentierrek  aipatzen du, “La consagración de la primavera” nobelan.

         Pasealekuan gora zihoazen hiru lagunak, besotik helduta; Fabian, erdian. Ez da erraza gizonaren sentsazioa deskribatzea: bi neskek airean eramango balute bezala sentitzen zen, eskumuturretatik elkar helduta, txikitan, a la sillita de la reina, que nunca se peina  jolasean egin behar zen moduan. Alegia: bikote eramaileko bakoitzak eskuineko eskuarekin norbere ezkerreko eskumuturrari heldu, eta ezkerrarekin heldu bestearen eskumutur libreari, eserleku bat osatuz horrela. Fabianek ez zuen gaua bukatzea nahi.

         Hain zegoen pozik, euforiak herriaren arazoa konponbidean jartzeko bere estrategia sekretua aitortzera eraman zuen, han bertan, une hartan. Inguruak lagun zuen eginkizunean: izan ere, ibilia zen pasealeku hartan barrena, honetaz eta hartaz, mundua konpontzeko ahozko ahaleginetan; konpainia noblean, gehienetan. Halaber, pasealekutik egin ohi zuen ihes, poliziak auzotegia inguratzen zuenean, manifa askoren ondoren. Pasealekuan egin zion uko jainkoari, nerabe-aroko eztabaida bukaezinetan. Lehenengo musua eta bigarren haustura ere han gertatu zitzaizkion...

         Herriaren arazoa bideratzeko, alegia, bi burbuilen arteko gatazkaren konponbideari bultzada bat emateko, Fabiani ikurrin zuriaren ideia zebilkion aspalditik buruan. 


Jasper Johns-ek 1955ean margotu eta 1958an arrakasta handiz erakutsitako white flag  koadro yankiaren bidetik edo, bi gurutzeko ikurrin zuri bat zeukan irudikatua, zeinari, zuriaren zuriz, gurutzeak apenas nabaritzen zitzaizkion. Horrelako trapu eder bat egina zuen etxean, hiru motatako oihal zuriak josita.

Fabianen ustez, errenditze prozesu bat balioztatu behar zen, erakundea dinamika ez-armatura bere kabuz igarota. Erakundeko kideek errenditu behar zuten, zentzurik mediatikoenean: bandera zuria altxatuz. Errenditze prozesua ironiaz erabili behar zen, esan beharrik ez.

         Ez gara militaristak, ez gara integristak: gure balioetan ez dago ohore odolzalea; ezta ere, beraz, desohore klase hori. Errenditzea ez da, ondorioz, desohorea; eta ohorea ere, erlatibizatzen dugun kontzeptua da. Gerrari amaiera alde batekoa ematen diogu. Aita-amaren etxea defenditzen jarraituko dugu, bandera zuriaren magalpean.

         Errendizioa alde bateko ekintza armatuei eta, ahal zen neurrian, kale borrokakoei legokieke. Horien ordez, ikurrin zuriaren azpiko mobilizazio etengabekoari eutsi beharko zitzaiola aurreikusten zuen Fabianek. Iheslari guztien aurkezpen publikoak bideratu beharko ziren, masiboak.

Kale ekintzen birdefinizioa pentsatua zuen: autobusak zuriz pintatu behar ziren, paretak, etxeak, kale-altzariak, farolak, eserlekuak, lurra. Zuriz estali behar zen herria, zuriz margotu, behin eta berriro, ahalik eta gehien.





         Emmak bat egin zuen berriz berarekin. Bai, garbi zegoen, ideia indartsua zen. Ikurrin zuriak eskegi behar ziren balkoietan eta dorreetan, zintzilikario guztietan. Aldi berean dena, alde guztietan. Mendi tontorretan, leiho eta leihatiletan. Zuriak abiapuntua esan nahiko zuen, eginkizunen irteera: ea nor ausartzen zen hori zapaltzen. Herria zegoen bezala egonda, errendituko zirela esaten zutenean, ongi azaltzen asmatuz gero, indar ikaragarria lortuko zutelakoan zegoen. 

         Zera, aldiz, uzkurrago agertu zen. Ezinezkoa zitzaion errenditze-prozesuaren eta amore ematearen artean bereiztea. Zailtasun handiena, noski, eta gakoa, errenditzearen azalpena zen, norabide guztietan: Burkideen artean, desmilitarizazio erabatekoaren ideia onartzea, zaila. Burbuilakideek ere ez zuten nolanahi onartuko beren ikurraren kolorgetzea. Kontrako burbuilakoek, itxuraz, Don Tancredorena egiteari eutsiko zioten, eta indar handiagoz oraindik, mekanismo guztiak martxan mantendu; lehen ere garbi hitz egina zen haien buru belarri:

         Ekintza armatuen bidez lortu ez dutena, are gutxiago lortuko dute orain.

         Emmak ironizatu zuen, dena dela, une hartan ez zutela, erakundera deituz gero, inor harrapatuko, eta hobe zutela lurrera jaistea: hozten ari zen, eta etxeratzeko ordua iritsia zela zioen. Azkena han hartzeko gonbitea luzatu zien beste biei. Emmak ezetz, umearekin goiz jaiki behar zuela -bi ordu barru-. Fabianek susto batean, baietz; Emmari lagundu ondoren azkena hartzeko mesedea egingo ziola, barrez.