2011/01/19

Hasiera

Paragrafoak lerro jarraituaren adierazpen zehatz bateko segmentazioak besterik ez ditun; ordenagailuak bazakin hori
Edozein paragrafo lerroaren zati bornatu bat dun, hau da, lerroaren beraren bi punturen arteko espazio mugatu bat, besterik ez. Lerroaren parte dun, beraz.

    Fabian esnatu egin zen. Ohean esnatu ere, baina zuk ez diozu argituko non zegoen. Berak gogoratu behar zuen, esnatzen zen aldioro bezala. Ez baitzeukan argi, aspaldi honetan, non zegoen esnatzean: benetakoa eta ametsetakoa batera bilduta antzematen zituen; akaso, lo hartzen zuenerako, hamaika mila buelta eman baitzizkion buruari.

    Klaudiaren arnasak baieztatu zion, ordea, hiru bizilekuetako hoberenean zegoelako susmoa: izan ere, beste bietan ez zen Klaudiarik ageri. Baina, horretan bai, ondo-ondoan zeukan, eta, andreak begiak itxita zituen arren, handiak nabari zitzaizkion erdi ilunpetan. Ohera etorri ziren lehenengoan bertan harritu zuten Klaudiaren begi itxiek: aurpegi biribilaren erdi-erdian, marrazten ikasteko edozein eskulibururen aholkuari jarraituz bezala; arku beltz zehatzak, sudurraren bertikalaren araberako simetria erabatekoan.

    Harremanaren hasiera aipatzeko, ohera lehenengoz etorri zirela esateko modu hori gustatzen zitzaion Fabiani, ez zuen hizkuntza gordina gustuko. Zuk larrua ohean jo zuten lehenengoan esango zenukeen. Junek, berriz, jarioak elkar trukatzeko helburuz izandako lehen topaketan bezalako zerbait txistukatuko zukeen.

    Baina benetan al zegoen hiruretan bizilekurik hoberenean? Zalantzarik gabe. Fabianen ikuspegitik, jakina. Larunbata zen, eta ez zirudien etxetik ateratzeko presarik zegoenik. Buruan zebilkion oraindik aurreko gaueko elkarrizketa harrigarria, azken aurreko tabernan izandakoa, Junerekin.

"Ez duk munduan ordena berririk ezarriko duenik: ordena ezarri nahi duenak berea zainduko dik, inorenaren aurretik, eta hori ordena zaharra duk. Hori datorrela zirudik: topo ere egingo ez duten indarren arteko talkatik edozer espero litekek. Batak bestea suntsi zezakek, suntsituago zezakek; besteak ez dik ezer galtzeko, eta, gainera, kamikazeak armarik sofistikatuena dituk. Lerroak dena eramango dik aurretik, uste baino lehen".

Kamikaze hitza eta lerroaren kontu hori ziren, batez ere, Fabianek gogoan biraka zituenak. Kamikazearena baino zehazkiago, XX. mendeko Bigarren Gerra Handiko irudi bat jabetzen zen ziklikoki bere buruaz: Zero hegazkinaren karkasaren baitan kokatuta, aireratzeko prest, ezker eskuan katilua sakez beteta duela, agur militarra egiten ari den pilotuarena. Irudia zuri-beltzean ikusita eduki arren, zuri-gorria zen Fabianen oroimenean, pantaila-hondo batean bezala, sortaldeko eguzkiko ikurrina debekatua irudikatzen baitzuen eta, berehala, japoa odoletan ikusten zuen, auskalo zergatik; eta irribarretsu, katilua sakez-edo hustuta jadanik.


Lerroak dena aurretik eramatearenak, berriz, arazo handiagoa sortzen zion Fabiani: pilotu suizidaren argazkiaren karrusel berean dantzan zebilkiona ez baitzen irudi bakarrera biltzen; irudi-uholdea zen: orain, lerro zuzen bat; orain, harilko bat; orain, burdin hari bat edo egitura espazial bat... Eta galdera pare bat ere baziren burmuineko dantza-lekuan: nor zen June? Zer edan zuten atzo?

Errazago zitzaiokeen edan ez zutenaz pentsatzea, hainbeste edan zuten eta. Baina ez zion bere buruari zorabiotarako denborarik utzi : Klaudiarekin larrua jo nahi zuen, biharamuna pasatzeko metodo gisara, "amona bilobarekin hobeto egongo zelakoan" (zuri ez zaizu inoiz gustatu hitz-jokoen ustezko umore hori, egia esan; baina Fabianek automatiko sortzen zituen horrelako kateak: biharamuna; beraz, amona; ergo, amona bilobari nola, hala bere ajea pasatzea larrua jotzeari... Zenbat eta urrutiagokoak izan loturak, orduan eta barregarriagoak iruditzen zitzaizkion txantxak, gainera. Betidanik ernegatu zaitu horrek).

Nolanahi, andrea lo zegoenez, ezin zen larrutan edonola hasi, jakina. Ondo egin behar zituen gauzak. Izara artera murgildu, eta alua jaten hasi zitzaion, poliki. Mingaina zorrotz mugituz, bizpahiru kras-kras-atea-jo-zion, eta erresponditzen ziola iruditu zitzaion: ajearena suabeago joango zen.